XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Anaitasuna berritua Bilbon hamabostero, isilki bainan xarmanki, argitaratzen den kazeta bizi honek merezi duela uste dut aipamen berezirik.

Zer dela eta? Ez ote da, bada, kazeta bat gehiago? Dudarik ez hala dela.

Halere, kazeta honen historia laburrean zehar bilakaera aparteko bat somatzen dudala erranen nuke, beste euskal aldizkarietan ikusi izan ez dudan bezalakoa.

ANAITASUNA azkenaldiotan gorabehera zenbaiten lekuko izan dugu, mitoak, mitologiak, ideologiak eta horrelakoak ezagutu dituen horietakoa.

Bilakaera hau, ANAITASUNA baitan, bi zentzutan eman dela uste dut, artikuluegileen mailan lehenengo eta kazetaren beraren egitura mailan bigarren.

EUSKAL HUMANISMA BATEN BILA

Ideologiazko eritasunez egiazki eri ageri zen 1972 inguruko ANAITASUNA hura.

Zer kalapitak! Batetik Mitxelenaren tristura zela eta ez zela, bestetik Joseba Arregiren erbiak eta katuak, harago Amatiñoren kontrako lau kaleak, eta nik ahal dakit zer gehiago, euskal kulturari buruzko aho kritikoa hitz alferrez eta sarritan polemika maltzurrez puntaraino beterik zegoen.

Saltsa guzti horrek zenbaitzuen aurpegiak ezagutzeko balio izan badu ere, ez dut uste izpiritu kritikoa gehiegi zorroztu duenik.

Kritika lana akusatuz baino gehiago arrazoinatuz egiten da.

Joseba Arregik egoki salatu duen bezala, euskal kulturak ezagutu du zer nolakoa den gaztaro edo adoleszentismaren krisia: (Anaitasuna, 1974, zenb. 266, "Euskaldunen psikologia, or. 1-2).

Uste dut testo honek belaunaldi berriko idazle zenbaiten artean emaiten datorren fenomeno bat agertzen duela.

Belaunaldi berri gehienak epealdi hortatik pasatuak dira.

Eta ez da batere harritzekoa! Gaztaroak berekin dakarren salatu-nahia, oro kontestatu beharra, egun inoiz baino bortizkiago sentitu dugu euskal gizartean.

Zenbat etxe gelditu da teilaturik gabe eta euri-jasa beti gainetik ari! Euskal kulturan ere orobat gertatu da.

Urrutira joan gabe, izpiritu kritiko honen desirkundeak, zenbaitetan haurtzaro kutsukoak erranen nuke, ANAITASUNA-n bertan hatzemaiten ditugu.

Izenen ehizin ibili gabe, pasarte batzuk hautatu ditut Joseba Arregik zioenaren argibide bezala.